Aiurri 2011-09-22

AIURRI ALDIZKARIA
 
Andoain 2011-09-22 11:08:57
Kotoi elkartea zabalik
Aurreko larunbatean Kotoi gastronomia elkartea inauguratu zen ofizialki. Oraingoz 65 bazkide dituen elkarte honek Etxeberrieta plazan du egoitza.
Hainbat lagun azaldu zen irekitze ekitaldira. Tartean zuzendaritza batzordeko kideak, bazkideak, senitartekoak eta gonbidatuta zeuden Udaleko eta herriko gainerako elkarteetako ordezkariak.

Katto Amilibia eta Juan Juanan Godoy txalapartariek eman zioten hasiera ekitaldiari. Ondoren, Alba Murillo eta Ianire Huizi gazteek aurreskua dantzatu zuten bildutakoen omenez, Jose Luis Etxeberria txistulariak doinua jarrita.

Nika Murillo lehendakariak eta Jon Huizi lehendakari-ordeak hartu zuten hitza zuzendaritza batzordearen izenean, gaztelaniaz eta euskaraz. Huizik adierazi zuenez, hiru lagunen burutazioa izan zen Kotoi elkatea sortzearena, orain hiru bat urte. “Erokeria iruditu zitzaigun, baina aurrera egin genuen eta gu bezain jende eroa konbentzitzea lortu genuen agudo”.

Pixkanaka-pixkanaka, ametsa eta proiektu hutsa izatetik Kotoi elkarte bihurtzea lortu zuten. Bidean, hala ere, “mila oztopo gainditu behar izan ditugu; tarteka hanka sartuko genuen, baina bidean ikasten joan gara eta gauzak ondoen egiten saiatu gara”.

Elkarteak hiru urtean egindako bide hori dela eta, esker ona adierazi zuen: “zuzendariaren eta zuzendari-ordearen izenean eskerrak eman beharrean gara, bai zuzendari batzorkideei baita bazkide guztiei ere. Mila esker guztiei”. Desio bat luzatu zuen etorkizunari begira: “ea lagun berriak egiten ditugun elkartea bitarteko izanda; baten bati sukaldean trebatzeko ere balioko dio”. Elkartean sumatu den ilusioa eta kemena ikusirik, ziurtasun osoz zera azaldu zuen: “XXV. urteurrena eta gehiago ere ospatuko ditugulakoan nago”.
Ekitaldiak, bazkideei oroigarri bana emanez jarraitu zuen. Eta bukatzeko, ezusteko txikia heldu zen: Huizi Audikana familiako hiru kidek –Ion, Ianire eta Xabier– etxean prestatutako bertsoak kantatu zituzten. Bertsoetan zehar, Etxeberrieta auzoarekin lotutako hainbat gai ukitu zituzten; hala nola, Algodonera lantegia, hirugarren mailara igo zen Euskalduna futbol taldea, Etxeberrietako auzotarren festa zaletasuna eta alaitasuna…
Hasiera ona izan du elkarteak. Iraun dezala luzaroan.

Alba Murillo
Etxeberrietako auzotarra

“Aurreskua dantzatzea egokitu zait gaur inaugurazioan, eta oso pozgarria izan da niretzat. Pozik ez ezik emozionatuta ere egon naiz, gure aitak irakurri baitu aurkezpen ofizialeko diskurtsoa! Kotoi elkarteko lehendakaria dugu aita, eta etxean ondo baino hobeto dakigu zer nolako gorabeherak bizi behar izan dituzten zuzendaritzakoek elkartea aurrera ateratzeko.
Lehengo larunbatean afaldu genuen familia giroan, eta egia esan, oso leku atsegina da. Lagunekin afaria prestatzeko animatzen ari zait aita; ea noiz iristen den eguna!”.

Ixiar Oreja
Kotoi elkarteko bazkidea

“Auzoan bizi gara eta oso ideia ona iruditu zaigu elkartea eratu izana, eta auzotarrok elkartzeko lekua izatea. Herrian errotzeko eta jendeaberria ezagutzeko aukera polita eskaintzen digu, eta nik behintzat erronka bezala hartu dut. Leku askotariko jendea bildu gara elkartean, haurrak ditugun gurasoak gehienok. Oso aberasgarria izan liteke guztiontzat, eta auzoak ere bizitasunean irabaz dezan. Orain arte umeei esker parkean topo egin badugu ere, hemendik aurrera aitzakia berria izango dugu elkartzeko. Izan ere, denori errazagoa egiten baitzaigu harremanak mahai giroan eta sukaldean sortzea”.

Olatz Azpillaga
Kotoi elkarteko idazkaria

“Oso gustura gaude irekitze ekitaldia nola joan den ikusita, bazkide ugari bertaratu baita. Dena primeran irten da. Orain arte bazkideak lortzen eta egoitza txukun jartzen aritu gara buru-belarri. Hemendik aurrera, egoitza ondoko lokalera zabaltzea eta bazkide berriak lortzea izango dira gure eginbeharrak. Bestalde, egitasmo zehatzik ez da finkatu, baina irekita gaude elkarteak izaera gastronomikoa edukitzeaz gain, beste arloak ere jorra ditzan (kultura, kirola…). Bazkideen artean zenbait proposamen irten dira oraingoz eta gehiago ere irtengo direla ziur gaude”.

Marijose eta Alaitz
Kotoi elkarteko bazkideak

Mari Jose Mujika eta Alaitz Mikelarena: “Lagun batek animatu gintuen bazkide izatera. Bazkide berriak behar zirela aipatu zigun. Elkarteak familia osoa bazkide izateko aukera emateaz gainera, erabakia di-da batean hartzera animatu gintuen. Bestalde, kokalekuak ere asko erakartzen gaitu: hiru alaba gazte dauzkagu, eta parkea eta plaza ondoan egoteak leku ezin aproposagoa bihurtzen du. Oraindik ez dugu afari ofizialik egin; zerbait hartzera bestetarako ez gara sartu, baina ahal dugun bezain pronto, mahairen bat hartuko dugu lagunekin-eta lasai-lasai afaltzeko”.

Post hau Berriak atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi iruzkina